Denak gira bakegileak !
Mobilizazio fase berria : abenduak 4 lan bilkura deneri idekia!

Mobilizazio fase berria : abenduak 4 lan bilkura deneri idekia!

Datorren abenduaren 4an, goizeko 9etatik 12:30 arte Hiriburuko La Perle gelan, antolatzen dugun biltzarrean parte hartzeko deialdia luzatzen dugu. Izena eman : https://forms.gle/cWs4KS5472VKGvQDA

2020ko urriaren 17an, Frantses gobernuaren inertzia eta PNATaren (Terrorismoaren Kontrako Ministerio Publikoa)ren eraso etengabeen aintzinean, ekimen azkarrago eta deliberatuagoetatik pasatzeko beharra adostu genuen. 2020ko irailaren 19an, Baionako suprefeturan altxatu genuen murruarekin abiatu genuen etapa hura. Handik gutxira, 2020ko urriaren 27an Frédéric Haranburu « Xistor »-en baldintzapeko askatasuna onartu zuen Pariseko Dei Gorteak. Abenduaren 19rako aurreikusitako ekintza desobiediente masiboa bertan behera uzteko deliberoa hartzera eraman gintuen horrek. Betiere, euskal presoen gaiari aterabide bat atzemateko eta Jakes Esnalen eta Ion Paroten askatasunaren aldeko keinuren etorriko ote zen zain ginela azpimarratuz.

Gaur, 2021eko azaroaren 24an, Frédéric Haranburu “Xistor”-en baldintzapeko askatasunaren urtemuga betetzen den egun honetan, botere politiko eta judizialaren sakoneko jarrera aldaketarik ez dela eman ondorioztatzera gatoz.

Azken urte honetan, ez da eman euskal preso eta iheslarien auziaren konpontze orokorraren aldeko pausu esanguratsurik. Beste garai batekoo auziak burutzen segitzen dute, Euskal Herriko egoera politikoari egokituak ez zaizkion neurriak gutxi batzuei altxatu bazaizkie ere, bere horretan segitzen dute (FIJAITak, kanporaketa administratiboak edo lurralde debekuak). Eta Jonen eta Jakesen kasuentzat, hauen etxeratzea eman beharrean, 31. urtea betetzen hasi dira Lannemezanen eta Mureten.

Xistorren presondegitik ateratzearen urtemuga betetzen den egun honetan, euskal presoen eta bereziki Jon Paroten eta Jakes Esnalen auziak konpontzeko borondate eskasa ondorioztatu behar dugu, baita Espainiar estatuan preso den Unai Paroten kasuan ere. Hori dela eta, 2022ko lehen 6 hilabetetan, ofentsiboagoa eta determinatuagoa izanen den dinamika mobilizatzaile berria aktibatzeko erabakia hartu dugu.

Fase horren abiatzea, datorren urtarrilaren 8an Baionako karriketan Le temps presse! Unai, Jon eta Jakes gurekin! Lemapean antolatzen dugun manifestaldiarekin hasiko da.

Aieteko Nazioarteko konferentziaren 10. urtemuga honetan, gatazkaren konponbidearen aldeko konpromezua berresteaz gain, etapa berri batetara pasatzeko indarrak batu eta biderkatzeko deia luzatzen diegu Euskal Herriko norbanako, eragile eta hautetsi guziei.

Fse berri honen eraikitzeko, datorren abenduaren 4an, goizeko 9etatik 12:30 arte Hiriburuko La Perle gelan, antolatzen dugun biltzarrean parte hartzeko deialdia luzatzen dugu.

Errepikatzen dugu, Macron jauna, konponbiderako garaia da! Hitzetatik ekintzetara pasatzeko garaia da! Le temps presse! Jon, Jakes eta Unai gurekin nahi ditugu!