Denak gira bakegileak !
Josu Urrutikoetxeak  preso segituko du.

Josu Urrutikoetxeak preso segituko du.

Josu Urrutikoetxea preso egongo da, nahiz eta bere osasun egoera txarra izan eta Covid 19ko kasuak La Santé presondegian izan.

Bere familiak jakinarazi duen bezala, apirilaren 1ean, Pariseko dei auzitegiak, uko egin zuen Josu Urrutikoetxea askatzeari. Josu Urrutikoetxea 69 urteko euskal presoa da. La Santé presondegian da eta Covid 19rekin bateraezinak diren patologiak ditu.

Josu Urrutikoetxearen osasun egoeraz jabeturik, erabakia gutziz ulertezina eta eskandalagarria iduritzen zaigu. Frantziako agintariei eskatzen diegu, gaur egungo neurri berriak aplikatu ditzaten eta behar den guztia egin dezaten Josu libratzeko.

Bestalde, oroitarazi nahi dugu, Bakegileek bultzaturik eta Euskal Herriko gehiengo politiko eta sozialaren babesarekin buruturiko ETAren armagabetzearen 3. urteurrenaren bezperetan girela (2017ko apirilaren 8a) eta Ion eta Unai Parot, Frédéric Haramboure eta Jakes Esnalen kartzelaldiaren 30. urteurrena bete dela larunbat huntan.

Magistratu eta agintari politikoei gogorarazi nahi diegu, armagabetzea, bake prozesua bukaera arte eramateko xedearekin burutu zela, gatazka politiko horren ondorio guztiei, konponbide integrala atzemateko asmoz. Desarmea ez zen egin, presoak, presondegietan hiltzeko!

2020ko martxoaren 26ko agirian adierazi bezala (ikus agiria): Josu Urrutikoetxea bezala, Frantzian presondegiratuak beste 4 euskal presok (Jakes Esnal, Gurutz Maiza Artola, Jon Parot, Xistor Haramboure) 65 urte baino gehiago dituzte, eta horietatik 3 (Maiza Artola, Haramboure, Urrutikoetxea) osasun arazoekin. Bestalde, Ibon Fernandez Iradik ere, esklerosi anizkoitzarekin, kartzelan segitzen du.

Preso guzi horiek berehala askatzea eskatzen dugu.