Denak gira bakegileak !
Euskal Presoak : 2000 pertsona Baionako giza katean

Euskal Presoak : 2000 pertsona Baionako giza katean

Haize eta elurrari aurre eginez, 2.000 pertsona bildu dira gaur Baionan, Bake Bideak eta Bake Artisauek deiturik, Frantziako gobernuari eskatzeko, Euskal Herriko bake prozesuaren baitan gobernuaren eta Euskal Herriko ordezkaritzaren arteko eztabaida ber-hartu eta azelera dezala. Momentu berean, milaka pertsona bildu dira ere hego Euskal Herriko 240 herritan.

Baionan, mobilizazioak giza kate argitu baten itsura hartu du. Urtero Baionan eta Bilbon euskal presoen eskubideen aldeko manifestaldiak antolaturik ere, COVID-19aren pandemiaren testuinguruak beste mobilizazio mota batzuk antolatzera eraman gaitu, osasun neurriak eta distantzia soziala errespetatuz eta etxeratze ordutegia kontutan hartuz.

Aitzineko urteetako mobilizazioen gisakoak antolatzeko baldintzak ez izanik ere, 2.000 pertsona bildu dira gaur Errobi bazterrean 2 kilometroko (1m=1pertsona) giza katean. Giza kate honen lema nagusia da : Argi Dugu, Bakearen bidean, Orain Presoak.

Beste behin ere, larunbat hontan, urtarrilaren 9an, gizarte osoa bere aniztasunean mobilizatu da, kultura eta kirol munduko aktoreak (Amaia Zubeldia, Marine Etchegoyen, Ellande Alfaro, Benat Maitia…), ekonomia munduko aktoreak (merkataritza eta industria ganbera, Lantegiak…), arlo sozialekoak (LAB, ELB, CGT, CFDT sindikatuko 50 kidetik gora), erlijio mundukoak (izan protestante zein katoliko) eta politikoak (Modem, UDI, Europe Écologies les Verts, Alderdi Sozialista, EAJ, EHBAI, EH BILDU, Générations alderdikoak).

Lurralde hontako 150 auzapez eta hautetsi baino gehiagok parte hartu dute giza kate hontan, Euskal Elkargoko exekutiboko kideek, horietan, presidente eta Baionako auzapez den Jean-René Etchegaray, Renée Carrique lehen presidente ordeak, Kotte Ecenarro Hendaiako auzapezak, Isabelle Pargade Hazparnekoak, Eneko Aldana Ziburukoak, Antton Curutcharry-k, Lurraldeko poloetako ordezkariek…

Arratsaldeko 6etan hasiera eman zaionean, Baionako karrikak beltzez jantzi dira, puntu txuri argiz osaturiko lerro bati tokia utziz, zuziek argituriko euritako txuriei esker. Banderolak hedatuak izan dira arrapelez zubietatik jautsiz, egoera larrienei erreferentzia eginez : « Ibon Fernandez eta Juan Cruz Maiza Artola askatu, libérez les prisonniers malades », Unai, Jakes, Jon Askatu » (30 urtetik gora daramatzate preso), « Mikel Barrios gurekin » (militante hau berriz kartzelatzeko erabakiari erreferentzia eginez), « Etxean nahi ditugu ». Puntu bakoitzean geldirik ziren parte hartzaileek joaldunak ikusi dituzte pasatzen beren ezkil eta zuziekin, aldarrikapenez beteriko momentu ahaztezinean.

6.15ean, Jean-François Irigoyen-ek (Les Républicains alderdiko Donibane Lohitzuneko auzapezak) eta Chantal Erguy-k (Etiketarik gabeko Aiziritzeko auzapezak) hitza hartu dute hautetsien izenean eta Anaiz Funosas, Bake Bideako presidenteak eta Mixel Berhocoirigoin-ek Bake Artisauen izenean.

Beren hitz hartzean, Jean-François Irigoyen-ek frantsesez eta Chantal Erguyk euskaraz azken urteetan errepikatzen den eskema juridikoa izan dute kontutan :

« Gaurko egunean begi-bistakoa da Pariseko Dei gorteak sistematikoki ukatu dituela baldintzapeko askatasun edo zigorren baliogabetze guziak larriki eri diren presoentzat ».

Behin eta berriz azpimarratu dute, lurralde hontan denek sentitzen dugun frustrazio eta ulertezintasun sentimendua : « Azken finean, Ministerio publikoak sistematikoki dei egin du Pariseko gorteen erabakiei, lehen graduko epaileek presoen askatzearen deliberoa Euskal Herrian den bake prozesuarekin justifikatzen zutelarik ».

Esperantza bat sortu dela oroitarazi dute ondotik, ziklo bat pitzatu dela adieraziz : « Pariseko dei auzitegiaren 2020ko urriaren 27ko erabakiarekin, esperantza bat piztu da. Erabaki horrek, Frédéric Xistor Harambouren baldintzapeko askatasuna berretsi du. 30 urteko kartzelaldiaren ondotik, zaintza elektronikopean atera ahal izan da ». Eta oroitarazi dute ere bi presok 30 daramatzatela preso, « Baina 1990tik preso diren Jakes Esnal eta Ion Kepa Parot presoek oraindik haien askatzea itxoiten dute, behin eta berriz galdetu ondoren auzitegi berdinak ukatu ondoren».

Gizarte zibilak bere aniztasunean eta tokiko hautetsiek ere bat egiten dutela aldarrikapen hauekin oroitarazi dute : « Euskal hirigune elkargoak gehiengo zabal batean bozkatu du gaurko mobilizazioaren sustengu mozioa. Euskal Herrian indarrean den dinamikarekiko axolagabekeriarekin gelditzea galdetzen dio Gobernuari ».

Azkenik, beren hitz-hartzea bukatu dute berretsiz « Bakerantz garamatzan bidea, presoen egoeraren konponbidetik pasatzen da; Euskal Herrian hala da, baina hala izan da ere mundu mailan gaindituak izan diren beste gatazketan ere. Etorkizun komun bat eraikitzeko gogoa, zilegia den iraganeko sufrimendua baino azkarragoa izan behar da. Presoen berehalako egoera perspektiba aldaketa erradikal horren osagai azkarra da. Gobernatzen gaituztenak konbentzitu beharko ditugu behin betiko bakearen aldeko aldarrikapena zilegia dela. »

Ondotik, Anaiz Funosas Bake Bidea elkarteko presidenteak eta Michel Berhocoirigoin bake artisauak hartu dute hitza, giza katearen bukaera tonu irmo eta determinatuarekin markatuz.

Berretsi dute, « Gatazkaren ondorioen konpontzea, sufrimenduak konpontzea da, lehen lehenik haien izatea bera aitortuz. Edozein izanda, eta edonondik etorri», eta « Gatazkaren ondorioen konpontzea, kartzelaratuak diren pertsona guzientzat presondegia ez den beste perspektiba bat atzematea da. Existitzen diren tresna juridikoak erabiliz, edo berriak asmatuz ».

Bakearen hautua atzera ezina da, baina bidea luzea da : « Baina ze dorpea den bide hori! Azken eguneko aktualitateak berriz ere agerian eman digu: atzo, Xistor Harambouren baldintzapeko askatasunarekin piztu zen esperantza izpia, Mikel Barriosen presondegiratze aginduarekin itzali da berehala. ».

Tonu larri eta erabakikorrarekin eman diote bukaera giza kateari Anaiz Funosas-ek eta Michel Berhocoirigoin-ek ondokoa adieraziz : « Bake prozesuaren kontrako neurririk ez dugu gehiago onartzen! Ez gibelera egite, ezta statu quorik ere: aitzinatu behar dugu! Duela 10 urte iragan zen Aiete. Urrats berriak behar ditugu orain.

Inoiz baino ozenago diogu: bakearen bidean, ORAIN PRESOAK! ARGI DUGU ! »

6.30etan, zuziekin eman zaio bukaera mobilizazioari, parte hartzaile bakoitza etxeratze agindua aintzin sartzeko gisan elur maluten artetik.